Saihestu daiteke sufrimendua?

Ez da beti gertatzen zaiguna, errealitate horren aurrean hartzen dugun jarrera baizik
Gure eguneroko bizitzan askotan pentsatzen dugu gure ongizatea gertatzen zaigunaren araberakoa dela. Gauzak ondo badoaz, gu ere ondo sentitzen gara; gauzak zailtzen direnean, ordea, estresa, tristura edo frustrazioa agertzen dira. Logikoa eta koherentea da hori neurri batean, baina psikologian badakigu sufrimenduaren zati handi bat ez datorrela gertatzen zaigunetik soilik, gertatzen denaren aurrean hartzen dugun jarreratik baizik.
Bi galdera garrantzitsu honen aurrean
Egoera batek estresa edo ezinegona sortzen digunean, bi galdera hauek planteatzea oso baliagarria izaten da:
- Hau nire kontrolpean dago?
- Zerbait egin dezaket egoera aldatzeko?
Galdera horiek sinpleak diruditen arren, zer dagoen gure esku eta zer ez bereizten laguntzen digute. Bereizketa hau egitea funtsezkoa da energia non jarri behar dugun jakiteko. Egoerarekiko dugun kontrolak definitu beharko baitu jarrera aktiboa eduki ala ez.
Kontrola dugunean eta gure jarrera aktiboa denean: ekintzaren indarra
Egoera bat gure esku dagoenean eta horren aurrean pausuren bat ematerik dugunean, ekintzaren eremuan gaude. Ez da beti erraza izaten, baina mugimendu horretan errealitatearekin ondo lerrokatuta gaude. Badago zer egin, ekintza identifikatzeko gai izan naiz eta nire jokabidea helburu horretara bideratu da. Instantzia honetan nekatuta, estresatuta edota lanpetuta egon gaitezke noski, bizipen negatiboak bizitzaren parte diren neurrian beti egon daitezke presente. Baina sufrimendua zerbait gehiago da, errealitate konkretu baten aurrean jartzen dugun erresistentziatik dator, eta jarrera aktibo bat kontrolagarria den errealitate batekin topatzen denean ez dago erresistentziarik. Errealitatea eta gure jarrera ondo lerrokatuta daudela esan dezakegu.
Kontrolik ez dagoenean eta nire jarrera aktiboa denean: hiperaktibazioa
Beste batzuetan, egoera ez dago kontrolatzerik, errealitatea aldatzea nahiko genukeen arren, ez dago gure esku. Baina egonezina lasaitzeko ahalegin antzu horretan gauzak konpontzen saiatzen gara ekintzen bitartez edota jarrera aktibo bat mantenduz. Orduan agertzen da hiperaktibazioa eta lasai egoteko ezintasuna.
Hiperaktibazio egoeretan ohikoa da barne tentsio handia sentitzea. Burua etengabe bueltaka egoten da, egoera konpontzeko estrategia guztiak modu obsesiboan pentsatzen. Sarritan agertzen dira pentsamendu errepikakorrak, kezkak edo premia sentsazioa.
Arazoa borroka horrek ez duela benetako irtenbiderik ematen da. Egoera ez badago gure kontrolpean, esfortzu horrek nekea, haserrea eta frustrazioa baino ez ditu sortzen. Eta gainera egoera okertzen du, tentsio maila hau denboran mantentzearen arazoak sortzen direlako: insomnioa, ezegonkortasun emozionala, gosean aldaketak, giharretan tentsio pilaketa, ingurukoekin harremanetan tirabirak…
Zaila zaigun arren, egoera mota honen aurrean amore ematea osasungarria izaten da. Lehiak ez du zertan beti irtenbidea izan, askotan kontrola dugunaren sentsazio faltsua sortarazteko erabiltzen dugun estrategia da. Baina benetan ezer egiterik ez dugula identifikatzeko gai izan bagara, egoera onartu eta aktibazioa jaistea da onuragarriena. Honek tentsio maila txikitzea ahalbidetzen du.
Zerbait egin genezakenean baina kontrolik ez dugunaren sentsazioa dugunean: blokeoa
Beste egoera batzuetan kontrakoa gertatzen da. Badaukagu zen egiterik baina blokeatuta sentitzen gara. Ez dakigu nondik hasi edo ez dugu indarrik sentitzen pausu bat emateko. Kasu honetan ere ez gaude ondo lerrokatuta errealitateak eskatzen digunarekin.
Blokeo hori oso arrunta izaten da. Atzean askotan beldurra, zalantza edo segurtasun falta ezkutatzen dira. Garrantzitsua da lehenengo pausua eman ahal izateko segurtasun osoa sentitu behar dugularen ideiarekin apurtzea, askotan segurtasuna mugimenduan bertan eraikitzen baita. Azken finean seguru sentitu arte pausorik ez ematearen erabakiak gure lehen pausua atzeratzen du, denboraldi labur baterako atseden sentsazio faltsu bat sentiaraziz. Izan ere, zenbat eta gehiago atzeratu egin behar hori zenbat eta blokeatuago sentitzen naiz, jarrera aktibo bat hartzeko ezintasuna areagotuz.
Momentu horietan lagungarria izan daiteke galdera hau egitea: zein izan liteke hurrengo pausu txikiena? Ez da beharrezkoa dena konpontzea, nahikoa da mugimendu txiki bat egitea.
Kontrolik ez dagoenean: onarpena
Azkenik, badira gure esku ez dauden egoerak, guztiok ezagutzen ditugu. Momentu horietan barne borroka agertu daiteke: gauzak desberdinak izatea nahi dugu, baina errealitatea beste bat da. Borroka horrek sufrimendua handitzen du lehen aipatutako erresistentzia horrengatik.
Kasu askotan erantzun osasuntsuena onarpena izaten da. Errealitatea ezin moldatu dezakegula onartu eta egoerak gure burua aldatzen utzi.
Paradoxikoki, onarpenak askotan lasaitasuna ekartzen du. Egoera kontrolatzeko alferrikako borroka alde batera uzten dugunean, energia beste leku batzuetara bideratzeko aukera agertzen da.

Gelditu une batez
Eguneroko bizitzan sarritan erantzun automatikoak ematen ditugu egoera ezberdinen aurrean.
Agian merezi du zure buruari sarriago honako galdera hauek egitea:
- Mugimenduan nago ala blokeatuta sentitzen naiz?
- Errealitatearekin bat dator nire jarrera? Pasiboegi edo hiperaktibatuegi nago?
Galdera egokiek leku egokietara garamatzate.