Kide batek bestea saihesten duenan eta besteak, ordea, konektatzea bilatzen duenean: bikote harremanetan ohikoa den eredua ulertzen.
Harreman askotan nahasmena eta distantzia sortzen duen eredu bat agertzen da: pertsona batek emozionalki hitz egin edo gauzak argitu behar dituen bitartean, besteak atzera egiteko, gatazka saihesteko edo espazioa irabazteko joera du. Gehienetan, jokaera horren atzean, asmo txarrik ez dagoen arren, gatazka sortu edo areagotu dezakeen patroi mota bat ezkutatzen da.
Bikote tentsioari aurre egiteko bi modu
Badaude ondoezaren aurrean hurbiltzeko eta hitz egiteko beharra sentitzen duten pertsonak. Gertatutakoaren inguruan galderak egin, elkarrizketa bat eduki edo zalantzak argitu nahi izaten dituzte askotan isiltasuna kezkagarria edo jasateko zaila egiten zaielako. Funtzionatzeko modu hau duen kidearentzat, hitz egitea segurtasuna berreskuratzeko modu bat da. Hau da, lotura babesteko estrategia bat eta bere burua erregulatzeko ezinbestekotzat duen modua.
Beste kideak oso modu desberdinean esperimentatu dezake egoera hau. Intentsitate emozionala handitzen denean, gelditzeko, erretiratzeko edo elkarrizketa atzeratzeko beharra izan dezakeelako. Ez da beti axolagabekeria: batzuetan, lasaitzeko eta gatazkak gora egitea saihesteko modua izaten da. Beste pertsonaren hurbiltasun eskaera oso modu antsiosoan bizi dezake, bere kasuan elkarrizketa behin lasai sentitzen denean edukiko lukeelako eta, ez ordea, bere burua erregulatzeko metodo bezala.

Arazoa ez dago hainbeste desberdin izatean, bi eredu mota hauek integratzen diren moduan baizik. Ihesi doan pertsonarengana zenbat eta gehiago hurbilduz gero, inbasio sentsazioa aktibatuko dugu berarengan eta hurbiltasuna behar duen kidearengandik zenbat eta urrunago joanez gero, orduan eta deskonektatuago senti daiteke bere bikotekidearengadik. Konturatu gabe, frustrazioa areagotzen duen zikloa indartzen hasi dira biak.
Terapian, dinamika horiek patroi partekatu gisa ikusten ditugu, ez akats indibidual gisa. Kide bakoitzak zer behar duen ulertzeak — denbora, gertutasuna, argitasuna, lasaitasuna — gatazkatik irteten hastea eta harremantzeko modu osasuntsuagoak eraikitzea ahalbidetzen du. Azken finean, erregulatzeko bi modu ezberdin dira, eta bikoteraren lotura mantendu dadin biek aurkitu beharko dute bestearengan patroi hauek integratzeko aukera.
Kontua ez da nor zaren aldatzea, norbera eta bikotekidea emozionalki zelan aktibatzen zareten eta bakoitzak nola erreakzionatzen duen ezagutzea da gakoa. Helburu honetan terapia oso lagungarria izan daiteke, bestearen errealitatea ulertu eta errespetatzeaz gain, bikotearen beharrei erantzungo dien estrategia konpartituak sortzea ahalbidetzen duelako.